Azkenean Errusiak berretsi egin du Kyotoko protokoloa. Ondorioz, protokoloa betearazteko neurriak martxan jartzeko moduan izango dira. Izan ere, horretarako beharrezkoa da 1990ean negutegi-efektua eragiten zuten isuri globalen % 55en eragileak ordezkatuta egotea.
Orain arte sinatu zutenen artean % 44,2ra iristen ziren, baina, Errusiak 1990ean guztiaren % 17 isuri zuenez gero, neurriak hartzeko behar zen gutxienekora helduko dira orain. Neurri horiei esker, 2012rako 1990ean baino % 5 gutxiago isurtzea lortu nahi da.