Erretzea nahikoa ez denean

Enpresa frantses batek jakinarazi duenez, 60 milioi frankoko planta berria eraikitzeko asmoa du ospitaletako hondakinak tratatzeko. Ospitaletako hondakinak normalean erabiltzen diren labeetan tratatuz gero, 850 °C-tan erretzen dira.

Tenperatura hori egokitzat jo izan da; beroarekiko erresistentzia altuena duten bakterioek ere ez baitute 400 °C-ko langa gainditzen. Planta honetan aldiz, plasmazko erregailuak dituen labea eraikiko da, errekuntza 1.600 °C-ko tenperaturan gerta dadin.

Zein da hain tenperatura altuetara jotzeko arrazoia, horretarako premiarik ez badago eta kostuak altuagoak badira? Labea martxan jarri nahi duen enpresaren iritziz, jendea asko larritzen da ospitaleko hondakinen etorkizunaz eta, beraz, erretzea baino hobe da kiskaltzea, nolabait esateko. Beste batzuk ez dute hori egokitzat jotzen; ohizko erregailuek ez baitute elektrizitaterik kontsumitzen, eta plasmazkoek, aldiz, 4.000 kW.h-ko kontsumoa dute. Bestalde, bi kasuetan sortutako gasak kanporatu baino lehen iragazi egin behar dira.

Erregailu berria, Plasmapole izenekoa, Frantziako konpainia aeroespazialak garatu du eta beren ustez, sistema hau erabiliz lortzen diren azken hondarrak, ohizko erregailuak erabiliz lortutakoak baino egonkorrago eta seguruagoak dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila