Ikertzaileak aspalditik ari dira euskarri informatikoen memoria handitzeko ahaleginetan. Hori lortzeko modu bat informazioa euskarriaren materialaren hiru dimentsiotan gordetzea da. Informazioa grabatzeko eta irakurtzeko, berriz, laserra erabiltzen dute. Baina materiala datuak irakurri orduko suntsitzen da, edota, bestela, laser oso garestiak erabili behar dira.
Orain, informazioa hiru dimentsiotan gordeko duten euskarri informatikoak egiteko, epoxi erretxina proposatu dute Bostongo Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Antza, DVD arrunt batean baino 10 aldiz informazio gehiago gorde daiteke material horretaz egindako euskarrian, eta datuak milioi bat aldiz baino gehiagotan irakur daitezke materiala suntsitu gabe.
Hala ere, teknologia hori oraindik garatzeke dago. Oraingoz, oztopo handi bat du: datuak grabatzeko denbora asko behar dela; hain zuzen ere, DVD bikoitz batek hartzen duen informazioa gordetzeko hiru aste behar dira.