Familia horren barruan sailkatutako landare gehienak askotan landatzen dira eta beraz, ez zarete harrituko landare horiek merkatal egur gehienaren iturria izateaz. Orokorrean, zuhaitzak dira, nahiz eta batzuetan zuhaiskak diren. Hostoak espiralean edo sortaka kokatuta dituzte eta landare monoiko eta erretxinadunak dira. Infloreszentziak konoak izaten dira.
Kono arrek oso denbora gutxi irauten dute zuhaitzean eta kono emeak zurezko pinaburu tipikoak dira. Familia honen barruan, 10 genero eta 250 espezie inguru daude sailkatuta. Bai penintsulan eta baita Euskal Herrian ere 6 genero daude: honetako 2 berezkoak dira ( Abies eta Pinus generoak) eta gainerakoak landatuak edo naturalizatuak ( Pseudotsuga, Picea, Larix eta Cedrus generoak).
Pinus generoari dagokionez, genero horretako espezieak zuhaitz hostoiraunkorrak direla esan behar dugu. Beren hostoak oso estuak eta orratz-formakoak izaten dira eta 2, 3 edo 5eko sortak osatzen dituzte. Euskal Herrira mugatuz, 4 espezie eta hibrido bat onartzen dira jatorrizkotzat ( Pinus pinaster, P. sylvestris, P. uncinata, P. halapnensis, eta P. x rhaetica ). Dena den, oso zaila da genero horretako espezie askoren banaketa naturala ondo zehaztea, espezie horiek aspalditik landatu edo naturalizatu baitira.
Itsas pinua 25-30 metroko zuhaitza da, baina baldintza onetan 40 metroraino haz daiteke. Enborra zuzena du eta gaztetan gris iluna den azala adinaren poderioz sakonki zartatzen da. Hostoak orratz-formakoak, berde ilunak, oso luzeak (25 cm-raino) mutur zorrotzekoak eta binaka elkartuta hazten dira.
Kono arrak hori-laranjatuak dira eta emeak berriz, gorriskak. Pinaburuak arre-gorriskak izaten dira, luzeak (20 cm-rainokoak) eta distiratsuak. Haziak, hegaldunak eta beltzaskak izaten dira. Itsas pinua martxotik maiatzera bitartean loratzen da eta pinaburuak hurrengo urteko udazkenean heltzen dira. Pinaziak berriz, ez dira hirugarren urteko udaberrira arte sakabanatzen.
Zuhaitz hau eskualde mediterraniarrekoa eta eskualde atlantiarreko mendebaldekoa da, baina, aspaldidanik landatu denez, oso zaila da berezko populazioak zeintzuk diren zehaztea. Euskal Herrian, Arabako hego-mendebaldeko lurzoru hareatsuetan hazten da, batez ere babestutako sakanetan. Itsas pinua hazkunde azkarreko zuhaitza da eta lurzoru silizeo, ez-trinko eta hareatsuak maite ditu. Halaber, argiaren lagun mina da. Suteen ondoren, kolonizatzailea da. Bere egurra oso erretxinaduna da eta oso kalitate onekoa izan ez arren, zurgintzan erabiltzen da. Bestalde, sortzen duen trementina izeneko erretxina destilatuz agoarrasa eta kolofonia lortzen dira eta beraz, industria kimikoan eta lurringintzan erabiltzen da. Sendabelartzat ere erabili ohi da, baltsamiko eta antiseptiko modura.
Familia: pinazeoak |