Erresilina: arkakusoaren goma

Erresilina: arkakusoaren goma
2006/01/01 | Elhuyar
Irudi handian, erresilina arkakusoaren gorputzean non dagoen nabarmentzen da, eta txikian, berriz, material berria ikusten da.
csiro

Arkakusoei jauzi handiak egiteko gaitasuna ematen dien proteina laborategian egitea lortu dute Australiako ikertzaile batzuek. Proteinak erresilina izena du, eta horri esker gordetzen du arkakusoak energia elastikoa. Zientzialarien esanean, erresilina da goma elastikoena, ez baitu batere elastikotasunik galtzen, behin eta berriro luzatu arren.

Beste intsektu batzuek ere badute erresilina; esate baterako, intsektu hegalariek erresilinari zor diote hegoa eta gorputza batzen dituen ehunak kalterik ez izatea hegan egitean.

Erresilina sintetikoa egiteko, proteina hori ekoizteaz arduratzen den genearen zati bat erauzi dute zientzialariek ozpin-euli batetik. Gero, E. coli bakterio baten genoman txertatu dute, eta horrela lortu dute bakterioak erresilinaren aitzindaria ekoiztea.

Aitzindari hori likidoa da, baina argipean eta rutenio katalizatzailea erabilita, erresilinaren ezaugarri berberak dituen material solidoa lortzen da 20 segundoren buruan. Orain, material hori medikuntzan erabiltzeko aproposa ote den aztertzen ari dira; badirudi egokia izan daitekeela zenbait inplante egiteko, ornoen arteko diskoa ordezkatzeko adibidez.

Berriak labur
12
1
216
2006
1
034
Materialak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila