Errepideek hegaztien bioaniztasunean duten eraginaz ohartarazi dute

errepideek-hegaztien-bioaniztasunean-duten-eragina
Arg. Vittorio Zamboni/Unsplash

Erresuma Batuko errepide-sareak hegaztien bioaniztasunean nola eragiten duen zenbatetsi du ikertzaile-talde batek. Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dutenez, herrialde horretako errepideen inguruan bereziki ohikoak diren hegazti-espezieak biltzen dira. Herrialdean ezohikoagoak diren espeziak, berriz, errepideetatik aldentzen dira. Hortaz, azpiegitura horiek sortzen dituzten ingurumen-balditzek hegaztirik arruntenak faboratzen dituzte, urriagoak diren espezieen kaltetan.

Erresuma Batuko Hegazti Ugaltzaileen Inkestan jasotako informazioa baliatuz, ikertzaileek 75 espezieren populazioak aztertu dituzte, eta herrialdeko errepide-sarearekin alderatu dituzte datuak. 58 espezieren ugaritasunaren eta errepideen arteko harreman handia dagoela ondorioztatu dute. Horietatik, 33 espezietan eragina txarrerako izan da. Errepideen presentzia gero eta handiagoa izan, orduan eta ezohiko hegazti gutxiago aurkitu dituzte.

Erresuma Batuak munduko errepide-sare trinkoenetakoa du: lurren % 72 errepide batetik 700 metrora baino gutxiagora daude, eta babestutako lurren % 41 ere tarte horren barruan daude. Ikertzaileek diote errepideen eragina arintzeko neurriak hartu behar direla, batez ere zaratari dagokionez.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.