Errepidetako seinaleztapen-sistema berria martxan da jadanik Alemaniako zenbait lekutan. Energia aurreztea da sistema berriaren funtsa: eguzkiaren energiaz baliatzea, hain zuzen.
Alemaniako errepide guztietara aurki zabalduko badira ere, orain arte hiri handietan baino ez da ezarri sistema berria. Funtsean, zelula fotovaltaikoetan oinarrituta dago: eguzkitiko erradiazio elektromagnetikoa zuzenean energia elektriko bihurtzen duten gailuak ipini dira seinaleztapen-guneetan. Horrez gain, energiaren arrazoizko erabilpena ahalbideratzen duten mekanismoak ere ezarri dira. Ibilgailuen abiadura neurtzen duten radarrak, esaterako, ibilgailua ondotik pasatzean baino ez da aktibatzen. Orduan, radarrak seinalea igortzen du eta, ibilgailuaren abiadura neurtu eta gero, edonondik ikusteko moduko zenbaki handitan ematen du horren berri.
Seinaleztapen-sistema berria Fraiburgoko Eguzki-Energiaren Institutuan landu dute. Ikerlari horien hurrengo erronka geltokietan autobusen etorrera iragarriko duen irrati sistema berria ikertzea da. Aurrekoa bezalaxe, sistema hori ere eguzkiaren energiaz elikatuko dela iragarri dute.