Erreferentzia egokia?

Lyra (Bandera euskaldunontzat) konstelazioko Vega izarra (Begiurdina euskaldunontzat) estandar moduan hartu dute astronomoek aspalditik. Beste izarren ezaugarriak kalibratzeko baliatu dute. Vega zeruko bosgarren izarrik distiratsuena da eta izarren tenperatura- eta distira-eskalak definitzen lagungarri izan da. Beraz, Eguzkiaren ostean izarrik garrantzitsuena da. Alabaina, astronomo batzuk Vegaren egokitasuna zalantzan jartzen ari dira.

Bere ardatzaren inguruan oso astiro biratzen duela ematen duenez (bost egunean behin), astronomoek bere gainazaleko tenperatura konstantea dela pentsatu izan dute. Kanadako Columbia Britainiarreko Dominion Behategiko Graham Hill astronomoak besteaskok sumatzen zutena baietsi berri du: Vegak oso azkar biratzen duela, hamaika orduan behin zehazki. Dena dela, guk poloaren aldetik ikusten dugunez, astiroago biratzen duela iruditzen zaigu.

Vega azkar biratzeak izarra apur bat distortsionatu egiten du eta ekuatoreetan loditu egiten da. Distortsioak gainera, poloak ekuatorea baino beroago izatea dakar. Beraz, tenperatura-estandar moduan baliatzerik ez dago.

Tenperatura aldakorra izateak, Vegaren zenbait puntu harrigarri azaltzen ditu: uste baino handiagoa izatea eta horren distiratsua izateko tenperatura txikiegia izatea. Bestetik, errotazio azkarrak ez dio distirari eragiten eta Vega distira-estandar moduan usatzeko arazorik ez dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila