Enstein-ek zioenez, Lurraren eremu magnetikoaren sorrera da gaur egun Fisikak ebatzi gabe dauzkan bost arazo nagusietako bat. Ikertzaileak mende-erdian ari dira etengabe lanean, baina orain arte misterioa argitzeko ez da aski izan.
Geofisikariak ados daude Lurraren eremu magnetikoa gure planetaren nukleoan sortzen dela baieztatzeko, baina nola sortzen den argitzeko dauden hipotesietan ez datoz bat. Zientzilarien ustetan, urtutako burdina oso eroale ona da eta nukleoko osagai nagusia ere bai. Konbekzio-higidurak izango ditu eta horrela korronte elektromagnetikoak sortuko dira. Fisikariek “efektu dinamozinematikoa” deitzen diote eta gure eremu magnetikoaren iturria izan daiteke. Frantzian Lyon-go ENS goi-mailako eskolako ikerlariek horixe frogatu nahi dute aipatutako efektua laborategian errepikatuz.
Metal likidoa gune zilindriko batean zirkularaztea da saiakuntzaren funtsa. Sodioa edo merkurioa bezain arriskutsua ez delako, galioarekin egin nahi dituzte beren probak, hau elektrizitatearen eroale bikaina delako. Metal hori oso garestia da, ordea, eta behar dituzten sei litroak enpresa bati “alokatu” egin dizkiote.