Eremu geomagnetikoaren gorabeherak

Eremu geomagnetikoaren gorabeherak
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Lurraren fenomeno harrigarrienetako bat bere eremu magnetikoaren inbertsioa da. Azken 160 milioi urteetan ehunka aldiz gertatu da, eta, gertatzen den bakoitzean, Ipar polo magnetikoa Hego polo bihurtzen da, eta alderantziz. Zientzialariek ez dakite nola gertatzen den, ezta zer maiztasunekin gertatzen den ere.

Inbertsioen maiztasuna aztertzeko erabili izan dituzten ereduek ez dituzte emaitza onak eman, eta zientzialari batzuk pentsatzen hasiak zeuden fenomenoa ausazko frekuentziaz gertatzen dela. Orain, ordea, Calabriako Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute Levy banaketa egokia izan daitekeela fenomenoa azaltzeko. Banaketa hori lurrikarak eta zenbait gertakari ekonomiko aztertzeko erabiltzen da, eta, dirudienez, kasu honetan ere baliagarria da.

Bestetik, ikertzaile ingeles batzuk nabigatzaileen egunerokoak erabili dituzte 1600 eta 1800 urteen artean eremu magnetikoan izandako gorabeherak aztertzeko. Hain zuzen ere, XIX. mendearen erdira arte ez da eremu magnetikoaren neurketa sistematikorik egin. Aurreko garaietako datuak biltzeko, arroketara eta objektu arkeologikoetara jo dute zientzialariek. Orain, nabigazioak indar handia zuen garaiko egunerokoak ere aintzat hartu dituzte, datu esanguratsuak ematen dituztelako. Esaterako, oso ondo ageri da zenbateko aldea dagoen Eguzkiak edo izarrek adierazitako iparraren eta iparrorratzak emandako ipar magnetikoaren artean. Horrekin guztiarekin, eremu magnetikoaren gorabeherak eta inbertsioak hobeto ezagutzea espero dute.

1
221
2006
6
015
Fisika; Geologia
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila