EEBBetako Sandia National Laboratory eta Solar Energy Research Institute erakundeetako zientzilariek uretara isurtzen diren konposatu organiko toxiko gehienak ezabatzeko metodoa garatu berri dute. Uretara argiarekiko sentikor diren erdieroaleak botatzen dituzte eta gero eguzkitan jartzen dituzte.
Argiaren izpi ultramoreek erdieroaleei erasotzen dietenean, elektroiak erauzten zaizkie eta zulo positiboak uzten dituzte. Elektroiek eta zuloek urarekin eta disolbatutako oxigenoarekin erreakzionatzen dute hidroxilo erradikalak eta peroxido ioiak sorturik. Bi produktu kimiko hauek oso oxidatzaileak direnez, produktu organikoei eraso eta apurtu egiten dituzte.
Ozono-geruzak Eguzkitiko izpi ultramore gehienak iragazten dituenez, ikerlariek argia ispilu bidez kontzentratu behar dute nahikoa hidroxilo erradikal eta peroxido ioi sortzeko.
Sistema honekin eginiko entseiuetan, azido salizilikoz poluitutako ura eta titanio(IV) oxidoa erabili dira. Urak hasiera batean 30 ppm azido zuen, baina erdieroalea erauztea eta argitan jartzean kontzentrazioa bilioiko zati batzuetara jaitsi zen 15 segundotan.
Garbiketa-sistema hau hastapenetan dago oraindik eta parametro asko mugatu behar dira komertzialki erabili baino lehen.