Munduan zehar barreiatutako hainbat tokitan, gorputz estralurtarren inpaktuak bakarrik sortzen duen koartzo-mota berezia (inpaktu-koartzo izenekoa) aurkitu da.
Bruce Bohor, Peter Modreski eta Eugene Foord ikerlariek, inpaktu-koartzozko bikorrak kretaziko eta tertziarioa determinatzen duten geruzen mugan aurkitu dituzte zortzi hobitan (Pazifikoko iparraldean, Zeelanda Berrian, Espainiako hegoaldean, Iparrameriketako Montanan, bi Danimarkan, eta bi Italiako hegoaldean).
Aurkikuntza hauek Luis Alvarezen teoria konfirmatzen dute. Teoria honen arabera, kretazikoaren bukaeran meteorito edo asteroide handi batek Lurra jo zuen, planeta osoa inguratu eta Eguzkiaren argiaren igarotzea oztopatu zuen hautsezko geruza bat sortuz. Horren ondorioz, animalia eta landareen erabateko suntsipenak gertatu ziren. Aurkikuntza honen arabera, iridioa duen kretaziko/tertziario muga guztietan inpaktu-koartzoak egon behar du.
Kretaziko/tertziario mugetan aurkitu izan den ohizkanpoko iridio-proportzioa izan zen asteroideen inpaktuaren aldeko lehenengo datua. Iridio-kontzentrazio handiak dituzten zonetan inpaktu-koartzoa aurkitu izanak, indar berria eman dio teoria honi eta bulkanismoaren teoria gainditzen lagundu du. Bulkanismoaren teoriaren arabera, animalien desagerketa iharduera bolkaniko izugarri baten ondorio izan zen. Sumendiek jaurtitako hautsak blokeatu egin zuen, teoria honen ustetan, Eguzkitik zetorren argia.
Une honetan zientzilariak, iridio eta inpaktu-koartzoaren aztarnak beste aro geologiko batzuen mugetan ere bilatzen ari dira. Inpaktuak eta desagerketak periodikoak direla frogatu nahi dute.