Ondoko argazkian ikus dezakezuen prototipoak urte honen amaieran burutuko du bere lehen hegaldia. Lockheed Martin eta Boeing konpainiek Darkstar izena jarri diote eta aurki zeresan handia emango du. 450 kilometro orduko abiaduraz, 20 kilometroko altueraraino irits daiteke eta etenik egin gabe, 24 ordu eman ditzake jarraian zeruan.
Bistan denez, ez da edozein erabilpenetarako sortu hegazkin berria. Aitzitik, betekizun militarrerako bereziki diseinatuta dago eta helburu hori bete ahal izateko, radarraren aurrean ikustezin bihurtzen duten bi sistemak daramatza. Dakigunez, irrati-uhinak igorriz objektu baten posizioa kalkulatzen dute radarrek. Darkstar hegazkinean ezarritako sistematako bat diamante-egiturako pantailek osatzen dute: irrati-uhinak desbideratzen ditu eta atzera radarrera itzultzen direnean, ahulegiak dira hegazkinaren posizioa zehaztu ahal izateko.
Bigarren sistemaren funtsa ordea, irrati-uhinak absorbitzean datza. Darkstarren kanpoalde osoa RAM izeneko materialezkoa da. Substantzia horrek radarrak igorritako irrati-uhinak erabat zurgatzen ditu eta urrats horretatik ez da uhinik askatzen. Radarrera ondorioz, ez da hegazkinaren berririk iristen.