Nafarroako Unibertsitate Klinikak entsegu kliniko bat jarri du martxan baloratzeko zer neurritaraino den eraginkorra immunoterapia-tratamendu jakin bat glioblastomak tratatzeko --garuneko tumore erasotzaileenetako eta arruntenetako bat--. Adierazi dutenez, Espainian, gaur egun, haiek bakarrik ari dira horrelako ikerketa bat egiten.
Entseguaren oinarrian dagoen hipotesia da norberaren immunitate-sistema gai dela tumore-zelulak ezagutzeko eta suntsitzeko. Gaitasun hori dauka, hain zuzen, ez direlako berdinak tumore-zelulek kanpoaldean dituzten markatzaileak eta zelula osasuntsuek dituztenak.
Entseguan, neurrira egindako txertoak jarriko dizkiete pazienteei. Hain zuzen, pazienteen euren zelula osasuntsuen eta tumore-zelulen bidez egiten dituzte txertoak. Pazienteei tumorea erauzita, eta tumore hori prozesatuta, tumore-zelulen gainazaleko proteinak eskuratzen dituzte espezialistek. Ondoren, proteina horien eraginpean jartzen dituzte immunitate-sistemako zelula dendritikoak. Hala, zelula dendritikoek tumorearen proteinak antigeno gisa bereganatzen dituzte.
Hori da, oinarrian, txertoa. Pazienteei sartzean, odoleko linfozitoek antzeman egingo diete zelula dendritikoek mintzean dituzten tumore-partikulei, eta haien kontrako immunitate-erantzuna sortuko dute antigorputzen bidez.
Hala ere, immunitate-sistemak gaitasun mugatua du tumore-zelulen kontra egiteko, eta, tumorea handia baldin bada, immunitate-sistema ez da gai kontrolatzeko. Beraz, ohiko tratamenduarekin konbinatuko dute terapia berria: lehenik, tumorea kirurgia bidez erauziko diete, erradioterapia-saioak eta kimioterapia-saioak egingo dituzte, eta ondoren emango diete txertoa. Hala, lortuko dute ahalik eta tumore-kantitate txikiena uztea, immunitate-sistema horren kontra egiteko gai izan dadin.