Duela 580 milioi urteko fosilak dira. Txinaren hego-ekialdean aurkitu zituzten. Eta, ustez, enbrioiak ziren. Baina azkeneko argitaratu duten hipotesiaren arabera, bakterioak dira, Parapandorina bakterio fosilak, hain zuzen ere. Aditu guztiak ez daude ziur hala denik, baina, hala ere, adierazi dute aurrerapauso bat dela.
Kontua da hasiera batean pentsatu zutela fosilak alga berdeen kolonia bat zirela. Eta, aurrerago, 1998an, erabaki zuten ezetz, ez zirela algak, animalia baten enbrioi fosilak baizik. Itzelezko zalaparta piztu zuen albiste hark: animalien sorrera eta eboluzioa ikertzeko material baliotsua zuten eskuen artean.
Orain, ordea, uste dute animalia-enbrioia ez baizik eta bakterio erraldoi bat dela. Gorabehera horiek garbi erakusten dute zein zaila den fosil batzuk identifikatzea (erreinua zein den erabakitzea ere kostatu egin zaie).