Ikertzaileak aspalditik ari dira Viagraren parekoa lortu nahian emakumeentzat, eta badirudi azkenean bide onetik doazela. Hain zuzen, emakumeen libidoa suspertzen duen molekula bat aurkitu dute, baina, Viagrak ez bezala, ez du genitaletan eragiten, baizik eta garunean.
Izan ere, Viagrak mekanismo fisiko erraz baten bidez egiten du lan: genitaletan odol-jarioa areagotzen du, eta, horri esker, koitoa egiteko arazoak dituzten gizon gehienek beren nahia bete ahal dute. Emakumeen kasuan, ordea, mekanismo hori ez da nahikoa izaten. Aditu batzuen ustez, emakumeetan garuneko jarduerak gizonetan baino garrantzi handiagoa duelako gertatzen da hori; beraz, garunean eragiten duen molekula baten bila ibili dira.
Hain justu, Viagra nahikoa ez duten gizonekin erabiltzen den molekula batek piztu du itxaropena, PT-141 izenekoak. Molekula hori jarduera sexuala suspertzen duen hormona baten antzekoa da, eta hormonaren garuneko errezeptoreetara lotzen da. Orain, sagu emeekin probatu dute, eta emaitza onak izan dituzte; hurrengo pausoa emakumeekin probatzea omen da.