Aldakak bakarrik ez, emakumeen bizkarrezurra ere gizonenarekiko desberdina da, haurdunaldiko eta erditzeko beharrei erantzutearren. Emakumeen bizkarrezurrak okertzeko gaitasun handiagoa du, Harvard Unibertsitateko ikerketa baten arabera, eta horrek erraztu egiten dio haurdunari zutik egon ahal izatea.
Haurdunaldia aurrera joan ahala, emakumeen grabitate-zentroak aurrera egiten du. Aurrerantz ez erortzeko, haurdunek atzerantz okertzen dute bizkarra (28 gradura ere iristen da okerdura, ikerketa horren arabera).
Bizkarra hainbeste okertzea posible da bizkarrezurraren azpialdean zenbait ezaugarri berezi dituelako emakumearen gorputzak: batetik, bizkarra gerrialdetik okertzea eragiten duten ornoak hiru dira emakumeetan, eta bi besterik ez gizonetan; horri esker, okertzearen tentsioa azalera handiagoan banatzen da; eta, bestetik, orno horien arteko giltzadurak % 14 handiagoak dira emakumeetan, jasan beharreko indarrari hobeki eusteko.
Moldaera horiek oso zaharrak direla ikusi dute ikerketan. Orain dela bi milioi urte bizi ziren Australopithecus generoko espezieek dagoeneko bazituzten. Bi hankan ibiltzen hasi eta berehala agertu behar izan zutela esan dute, moldaera hori gabe bizkarreko kalteak askoz handiagoak izango baitziren.