Emakumeak hies-az kutsatzeko arriskutan

Hegoafrikako Soweto hirian bizi diren emakumeetan erdiak baino gehiagok HIES gaitza harrapatzeko arrisku bizia du. Arriskua beren gizonengandik datorkie; hauek beste emakume batzuekin sexu-harremanak baitituzte. Gobernuko txosten batek dioenez, emakumeek ez dute beren bikotekidearen ohiturei buruz deus ere jakiten eta ez dute kondoirik ere erabiltzen.

HIES-a oso azkar hedatzen ari da Hegoafrikan. Azken ikerketen arabera 300.000 pertsona baino gehiago HIES-ak jota omen dago, hau da, orain dela 12 hilabete baino bi aldiz pertsona gehiago kutsaturik dago. Hasieran, homosexual zuriak ziren gaixoturikoak, baina gaitza berehala hedatu zen beltzengana eta multzo honetan gizonezko baino emakumezko gehiago gaixotu da. Soweton burututako ikerketaren arabera, sexu-harremanetan emakumeek erabakiak hartzeko ahalmena eskasa izatea da HIES hedatzeko arrazoirik nagusienetako bat.

Ikerketa honetan 300 emakume aztertu ziren. Baina azterketa honetan, kamioi-gidariek, ostatutan bizi diren langile inmigratuek, unibertsitateko ikasleek, gizakume homosexual eta bisexualek eta prostitutek zituzten bizi-ohiturak eta HIES-ari buruzko ezagutza ere analizatu ziren. Emaitzek jendearen ezjakintasuna begi-bistara azaleratu zuten. Sowetoko emakumeetan % 10ak HIES-az ez kutsatzeko ez zuen metodorik ezagutzen. Ostatuetan bizi zirenen artean laurdena HIES senda zitekeen gaitza zelakoan zegoen eta beste laurden batek sendabelarren bidez HIES-aren aurkako babesa lor zitekeela pentsatzen zuen. Kamioi-gidarietan erdiak ez zekien deus ere HIES-ari buruz.

Arazo honi aurre egiteko jendeari informazioa emanez hasi behar dela dio azterketa-txostenak. Baina horretarako ere arazoak daude; biztanlegoaren % 45ak ez baitu egunkaririk irakurtzen, telebista % 20ak besterik ez baitu ikusten eta Hegoafrikan hogeita zazpi hizkuntza baino gehiago baitaude.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.