Eskiatzeko leku askotan ikus daitezke elur-kanoiak. Elurra falta denean elurra produzitzen dute eskiatu ahal izateko. Baina, kanoi hauek sortutako elurrak ez du askotan elurrarekin zerikusirik izaten, hau da, harri-puska zuriak dirudite. Eskiatzeko garaian, pistaren gogortasunean nabari izaten da esandakoa. Baina, badaude elur-hautsa produzitzen duten beste kanoi batzuk.
Nola lortzen da hori?
Elurra ekoizteko airea eta ura besterik ez dira beharko. Baina "Snomax" deituriko katalizatzailea eransten bada, kanoien elur-produkzioa % 20 eta % 100 bitartean haz daiteke. "Snomax" proteina bat da eta "Pseudomenas syringae" izeneko bakteriotik lortzen da. Bakterio hau oso zabaldurik dago naturan eta airean, zoluan, uretan edo landaretan kantitate infinitesimalak aurki daitezke. Ez die osasunari kalte egiten eta jogurt, gazta, ogi edo garagardotan dago.
Honen ezaugarri nagusia honakoa da: uraren kristalizazio-ahalmena handiagotzen du eta, beraz, litro bat uretik lor daitekeen elur-kantitatea handiagoa da, nahiz eta tenperatura 0 °C baino handiagoa edo -10 °C baino txikiagoa izan.
"Pseudomenas syringae"ren proteina bakteriologikoak asko lantzen dira laborategian, hartzidura-gordailuetan. Lortutako "zopa biologikoa" iragazi eta lehortu egiten da eta pastila bihurtu. Pastila hauek elurra lortzeko elementu eraginkorra besterik ez dute.
Erabili aurretik "Snomax"a uretan disolbatzen da (disoluzio kontzentratu bat lortuz) eta ondoren elur bihurtuko den urarekin nahasten da. 2,3 kg-ko kaxa batek 3,8 milioi litro uri eragin diezaioke. Beraz, kanoitik irtendako ur-tanta bakoitzak "Snomax"a du.
EE.BB.etan osasunarekin eta ingurugiroarekin zerikusirik duten erakunde guztiek beren baimena eman diote "Snomax"a erabiltzeari; produktu honek ez bait du arriskurik gizakiarentzat, landarediarentzat, animalientzat edo lurrazpiko urentzat.