Espazioko Chandra teleskopioak bidali dituen Cassiopeia-A nebulosaren irudiek elementu kimikoak non eta nola sortzen diren jakiten lagun dezakete. Izarrek hidrogenoa eta helioa, elementu kimikorik sinpleenak, erretzen dituzte eta erreketa horren ondorioz eta supernoba-eztanden ondorioz silizioa, oxigenoa eta beste elementu astunagoak sortzen dira.
Cassiopiea-A, esaterako, halako supernoba-eztanda baten ondorio da eta silizio, burdina eta sufrean oso aberatsak diren guneak ditu. Dirudienez silizio- eta sufre-multzo distiratsuak 3.000 milioi ºC-tan sortu ziren, izarrak eztanda egin zuen unean.
Burdinetan aberats diren guneak, berriz, aurrekoak baino sakonera handiagotan sortu ziren, 4 eta 5.000 milioi ºC-ko infernuan. Azken horiek azkarrago higitu dira, ordea, eta orain nebulosaren kanpoaldean daude. Supernoba-eztandak ulertzeak gure planeta ezagutzen lagun diezaguke, eztandaren ondorioz sortutako elementuek beste elementuak sortzeko bidea ematen baitute eta horien konbinazioek planetak sortzen baitituzte.