Kaliforniako Lawrence Livermore Laborategiko ikertzaileen arabera, Lurraren barreneko burdinadun mineraletan elektroiek duten spinak mineral horien ezaugarrietan eragiten du.
Ondorio horretara iristeko, burdina duten mineral batzuk, ferroperiklasak, tenperatura eta presio izugarrien pean jarri zituzten ikertzaileek, Lurraren azaletik 2.000 km-ko sakoneran, barruko mantuan dauden kondizioetan, hain zuzen. Horrela, mineralak presionatu eta berotu ahala, elektroien spin-a aldatu egiten dela ikusi zuten ikertzaileek. Horrek eskala handian eragina duela frogatu zuten, alegia, mineralen ezaugarriak aldatu egiten direla elektroien spin-aren arabera. Adibidez, eragina du soinuak mineralean zehar bidaiatzen duen abiaduran.
Hortaz, Lurraren barneko egituraren ereduak egitean, spin-trantsizioaren eremuak aintzat hartu behar direla uste dute ikerketa egin duten geologoek.