Elektroi bat grabatu dute

Elektroi bat grabatu dute
2007/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: H. Maris & W. Guo/Brown Unib.)

Brown Unibertsitateko bi fisikarik orain arte ezinezkotzat jotzen zen zerbait egitea lortu dute: elektroi bakar bat begi-bistaz ikusteko gai egin, eta haren mugimendua etxeko bideokamera arrunt batez grabatu dute.

Elektroia ikusgai bihurtzea izan zen zailena. Oinarria elektroien aldarapen-indarra izan da. Elektroiek inguruan dituzten atomoak aldaratzen dituzte, eta inguruan hutsune txiki bat eratzen dute, burbuila bat edo. Elektroi aske bat likido arrunt batean jarriz gero, likidoak presio handia eragingo luke elektroiak eratutako hutsunearen gainean, eta burbuila deuseztatuko luke. Horrelakorik ez gertatzeko, likido berezi batean jarri zuten elektroia, helio likidoan, likido horrek oso presio txikia eragiten baitu. Ondorioz, elektroiaren inguruko burbuila askoz nabarmenagoa bihurtu zen. Hala ere, begi-bistaz ikusteko txikiegia zen artean, 40 angstromekoa baitzen.

Burbuila are gehiago handitzeko, soinu-uhinak erabili zituzten. Uhinen mugimenduaren bidez, burbuilan presio-aldaketak eragin zituzten: uhinek elektroia jotzen zutenean, elektroiaren inguruan presioa handitu egiten zen, eta burbuila txikitu; eta elektroitik urruntzen zenean, berriz, presioa txikitu eta elektroiaren burbuila handitu egiten zen, 8 mikra izatera iritsi arte. Tamaina horrekin begi-bistaz ikus zitekeen, hauts-partikula txiki baten tamaina baitzuen. Orduan, argi egokiarekin argitu eta grabatu egin zuten.

1
234
2007
9
025
Fisika
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila