AEBetan, ehun berezi bat egitea lortu dute. Karbonozko nanohodiz eginda dago, eta oso-oso gogorra izateaz gain, elektrizitate-eroalea da.
1991n karbonozko nanohodiak egitea lortu zenetik, haiekin material bat egin nahian zebiltzan zientzialariak. Izan ere, karbono-atomoen arteko lotura hain estua denez, nanohodiak ikaragarri gogorrak dira. Baina ez zuten nanohodiak elkarren ondoan jartzea lortzen.
Duela hiru urte, Frantziako ikertzaile batzuek nanohodizko zuntzak egin zituzten PVA polimeroa, ura eta nanohodiak nahasiz, baina 20 cm bakarrik neurtzen zuten. Orain, lan horretatik abiatuta, ehunka metroko luzera duten zuntzak egitea lortu dute Texasko Unibertsitatean.
Horretarako, biratzen duen hodi batetik pasarazten dute nahasia; nonbait, horri esker hobeto batzen dira zuntzaren osagaiak. Emaitza: armiarma-haria baino lau aldiz eta Kevlar-a baino 17 aldiz gogorragoa den zuntza. Gainera, elektrizitatea eroateko gaitasuna du. Horregatik guztiagatik, aplikazio askotarako aproposa izango dela uste dute.