Elefanteen seigarren hatza

elefanteen-seigarren-hatza
Arg. Katy Rawlings

Duela 300 urte deskribatu zen elefanteek sei hatz dituztela oinetan, baina orain arte uste izan da seigarren hatz hori kartilago hutsa zela. Londresko Errege Albaitaritza Institutuan, ordea, elefantearen seigarren hatza aztertu dute, eta Science aldizkarian argitaratu dute benetako hezurrez osatuta dagoela. Are gehiago, egitura horrek falangeen arteko artikulazioak ere baditu.

Animalietan ohikoena da besoek eta hankek bost hatzeko egiturak izatea, eskuak eta oinak, baina salbuespen asko daude: animalia batzuek hatzak galdu dituzte eboluzioan, eta beste batzuei hatz berriak sortu zaizkie. Elefantea eta errinozeroa dira sei hatzeko oinak dituztenen adibideak. Seigarren hatz hori --atzeranzko posizioan duten egitura bat-- abantaila izan da, animalia handi horientzat garrantzia duelako gorputzari zutik eusteko eta egonkortzeko eginkizunean. Elefantearen kasuan, behintzat, adituek diote, pandaren erpuruaren antzeko kasua dela. Jatean, pandak seigarren hatz batez baliatzen dira banbuari eusteko, eta eboluzionistek diote ezaugarri hori garatu zitzaiela haragia jateari utzi eta beste elikadura-mota bat izan ahala. Elefanteen kasuan, berriz, egitura ez dago elikadurari lotuta, baizik eta gorputz handi horri eusteko moduari.

Londresko Errege Albaitaritza Institutuko taldearen buruak, John Hutchinson-ek, elefante-oin izoztuen bilduma handi bat du, 60 oin inguru, zooetan elefante bat hiltzen denean Hutchinsoni oinak bidaltzen baitizkiote autopsia egin dezan. Lagin horiei tomografiak eginda, mikroskopio elektronikoz aztertuta, eta beste teknika batzuen bitartez jabetu da nola aldatzen den seigarren hatza elefantearen bizitzan zehar. Hasieran kartilagoa den arren, animalia hazi ahala, egitura hezur bihurtzen da. Eta hatza hezurrezkoa izateak animaliari laguntzen dio pisuari hanken gainean eusten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila