Beste hainbat proiekturen artean, Espazioko Europako Agentziak MELISSA proiektua du esku artean. Proiektu horren helburua gizakien gorozkietatik ekosistema artifiziala sortzea ahalbidetuko duen sistema sortzea da. Hartara, astronautek etxetik hainbeste kilometrora ere baratzatxoa izateko aukera izango dute.
Sistema hori iraupen luzeko hegaldietan erabili ahalko da; horrelakoetan, ez da ezer botatzen espaziora, ezta espazio-ontziko bidaiarien kaka ere. Proiektua garatzen ari den taldeko kide den Christopher Lasseurrek sistemaren mekanismoa azaldu zuen.
Prestatzen ari diren sistemak bost atal ditu. Atal bakoitza independentea da, baina lerroan konektatuta daude. Lehenengo hiru ataletan, mikroorganismoak erabiltzen dira hondakinak hartzitu eta, apurka-apurka, gorozkiak deskonposatzeko.
Laugarren atala baratza izango da, eta hor algak edo landareak landatuko dira, janaria, oxigenoa eta ura ekoizteko. Bosgarren atala astronauten bizilekua izango da. Lehenengo saiakerak arratoiekin egingo dituzte eta, dena ongi badoa, gizakien txanda etorriko da.