Ekaitz magnetikoak iragartzeko gai

Ekaitz magnetikoak iragartzeko gai
2007/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Eguzkian, tarteka, plasma-erupzioak gertatzen dira, alegia, elektrikoki kargatutako gasak ateratzen dira. Erupzio horiek Lurrerantz orientatuta ateratzen badira, Lurraren eremu magnetikoak iristen den energia jasotzen du. Erupzioek energia asko dutenean, Lurrean ekaitz magnetikoak sortzen dituzte. Baina erupzio guztiek ez dute horrelakoak sortzeko behar adina indar. Nazioarteko zientzialari-talde batek bide bat aurkitu du jakiteko Lurrera iritsi aurretik erupzioek ekaitz magnetikorik sortuko duten edo ez.

Ikusi dute erupzioek energia asko dutenean Eguzkitik Lurrerako bidean irrati-seinaleak igortzen dituztela, eta erradiazio-ekaitzik sortzen ez dutenek, berriz, ez dutela horrelakorik egiten. Irrati-seinaleak argiaren abiaduran mugitzen direnez, kargatutako partikulak baino lehenago iristen dira Lurrera. Beraz, horiek detektatuta, badakite atzetik ekaitz magnetikoa datorrela.

Ekaitz magnetikoek hainbat ezbehar sor ditzakete, hala nola linea elektrikoan itzalaldiak eragin, sateliteak hondatu edo beharrezko babesa ez duten astronautei minbizia sorrarazi. Ekaitz horiek iragartzeko bide bat izanda, kalteak saihesteko bidea ere izango dute.

1
233
2007
7
002
Astronomia
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila