Ikasleek zain-ziztada praktikatzeko aukera ematen duen errealitate birtualeko simulagailu bat jarri du EHUko Medikuntza eta Odontologiako Fakultateak. EHUko ikastegia da estatu guztian horrelako ezaugarriak dituen simulagailu bat eskuratzen lehena.
CathSim AccuTouch System simulagailuaren bidez, ikasleak zain-ziztadan aritzeko beharrezko gaitasunetatik terapia horren inguruko ezagupenetaraino treba daitezke.
Programa informatikoak hainbat gaixo erakusten dizkio ikasleari, modu oso errealista batean. Gaixo horiekin, ikasleak zain-ziztadaren protokolo guztia egin ahalko du. Ikasleak une oro erreminta egokia erabili beharko du, eta behar bezalako hurrenkeran; izan ere, bestela ez du jarraituko simulazioak. Horrela, ikasleak bideoan orratzaren neurri egokia aukeratu beharko du, teknika antiseptiko egokia erabili eta, ordenagailuari konektatutako injekzio-aparatu bat erabiliz, angelu zehatz batean ziztatu beharko du zaina. Orratza sartzean, benetako gaixoekin nabaritu daitekeen erresistentziaren oso antzekoa hauteman daiteke. Orratza ez bada modu egokian sartzen, gaixo birtualak entzuteko moduan azalduko du mina.
Amaitu ostean, sistemak ariketa ebaluatzen du, ikasleak nola egin duten jakiteko, hurrengo saiakeretan puntuazioa hobetze aldera. Puntuazio horiek datu-base batean bilduta geratzen dira, irakasleak ikaslearen aurrerapena ebaluatzeko.