Eguzkian baino beroago

Iazko abenduaren 9an, eguerdiko 11 h eta 15 minutuetan, Iparramerikako New Jersey-n Eguzki-sisteman inoiz izandako tenperaturarik handiena lortu zen. Princenton-en plasmak ikertzeko duten laborategian Tokamak izeneko fusio-erreaktorean tenperatura ehun milioi graduraino igo zen, hau da, Eguzkiak nukleoan duen tenperatura baino hiru aldiz handiagoraino iritsi zen. Horrela 30 gramo tritio deuterio gaseosoarekin fusionatuta helio-nukleoak osatu ziren.

Erreakzio nuklearra lau segundotan burutu eta bertan hiru milioi watteko energia libratu zen. Ordurarte marka 1,7 milioi wattekin Britainia Haundiko Culham-go JET erreaktoreak zuen.

Fusio termonuklearra menperatzeko bidean urrats garrantzitsua izan da eta zientzilariei adore emateko balio izan du. Fusioak izan ere, abantaila handiak ditu hondakin erradioaktiboei eta erregaiei dagokienez. Erregaia oso merkea da, ura erabiltzen delako. Zehatzago esan, hidrogenoa edo bere deuterio eta tritio isotopoak erabiltzen dira.

Dena den, oraindik fusioaren bidea luzea da, zeren erreaktoreari fusioz ateratakoa baino zortzi aldiz energia handiagoa eman behar baitzaio.

Energia nuklearra lortzeko bi bide daude. Bata nukleo atomiko astun bat (uranioarena normalean) haustea da; fisio nukleara, alegia. Beste bidea, bi nukleo arin elkartu eta handiagoa osatzea da; fusio nuklearra, alegia. Eguzkiak (eta gainerako izarrek) bere baitan dauden fusio-erreakzioen bidez igortzen digu beroa.

Fisio-prozesua nahikoa erraz gidatzen eta menperatzen da ohizko zentral nuklearretan, baina fusio-prozesuak oraindik gainditu ez diren eragozpen tekniko latzak ditu. Zailtasuna positiboki kargatutako bi nukleo elkartzea da, nukleoek elkar erakarri ez eta aldarazi egiten dutelako. Tokamak motako erreaktoreetan nukleoak elkartzeko erabiltzen den teknika guztiz eremu magnetiko indartsuetan oinarritua da.

Pricentongo taldeak laster fusioz 10 milioi watteko energia lortzea espero du, baina baikorrenek ere ez dute uste beste berrogei urte baino lehen fusiozko erreaktore industriala martxan egongo denik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila