Eguzki-panelen osagaiak merkeak dira, baina osatutako panela, berriz, garestia. Arizonako Unibertsitateko talde bateko ingeniariek kalitate eta prezio baxua dituzten eguzki-panel meheak egiteko teknika garatu dute. Zientzialariek pareta apaintzeko papera egiteko erabiltzen den teknikaren antzeko metodo bat jarri dute martxan. Modu horretan, egindako eguzki-panelak biribilki-forman saldu ahal izango dira.
Horretarako, oinarrizko beirazko xaflei material eroale eta garden batez egindako geruza fin bat gehitzen zaie. Geruza hori zelularen lehen elektrodoa da. Horri, gainean, polimero geruza mehea itsasten diote. Azkenik, bi substantzia organiko dituen nahastea gehitzen diote; lehen substantzia fulereno bat da, argia jasotzean korrontea sortzen duena, eta bigarrena kargak eroaten dituen polimero bat.
Panel konbentzionalek duten eraginkortasunaren % 4,3 dute, argi urdinarekin erabiltzen direnean; argi zuriarekin, oraindik ere txikiagoa. Horregatik, zientzialariak produktua hobetzen saiatzen ari dira merkaturatu baino lehen.