Eguzkitik babesteko krema batzuek titanio oxidozko nanopartikulak izaten dituzte, argi ultramorea xurgatzeko duten ahalmenagatik. Berez, titanio oxido partikulek ez dakarte arriskurik osasunerako; nanopartikulek agian bai, ordea. Izan ere, garuneko zeluletan erreakzio kaltegarriak bultzatzen dituztela ikusi dute sagu-zelulen kulturetan. Noski, horrek ez du esan nahi gizakiotan eragin bera duenik, eta are gutxiago azalean igurtzitako nanopartikulek garunera iritsi eta kalte egiten dutenik. Baina nanopartikula horiek seguruak diren zalantzan jartzen du behinik behin.