EEBBtako Senatuak bere kezkaren berri eman du 2000. urtean datak erabiltzen dituzten datu-baseek izango duten "2000 efektua" dela eta. Arazo hau ordenadoreetako datu-base gehienetan urteak bi digituren bidez adierazten direlako sortu da, eta ondorio larriak izan ditzake mundu osoan behar diren neurriak hartzen ez badira.Izan ere, 1999. urteko abenduaren 31. eguna bukatzean ordenadoreek 1999. urtetik 1900. urtera pasatu garela ulertuko dute, datu-baseetako informazio ugari ezabaturik geldituko delarik, eta datak erabiltzen dituzten datu-baseak hondatu egingo direlarik.
Efektu honek mundu guztiko herrialdeetan ondorio larriak izan ditzake, hala nola finantza-munduan, aire-trafikoan edo petrolio-hornikuntzan. Besteak beste, Espainian horrelako arazoak izateko % 33ko probabilitatea omen dago EEBBtako Senatuaren ustez, eta izututa herritarrei ura eta elikagaiak gordetzea gomendatu die. Arazo larrienak ekonomikoak izan daitezke, nazioarteko era guztietako transakzioak edo kutxazain automatikoak bertan behera geldi baitaitezke.
Dena dela, finantzetako sektorea eta telekomunikaziotakoa dira neurri gehien hartu dituzten sektoreak. Beste sektore batzuk ordea, (Osasun-, Energia- eta Garraio-sektoreak, adibidez) ez dute 2000 efektua gehiegi aurrekusi eta benetako arazoak eduki ditzakete. Estatu Batuetako agintariek epe laburrean 2000 efekturako prest egongo direla adierazi dute, baina gainerako herrialdeetan oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi dute, beraien ohizko handikeria erakutsiz.