Newtonen bigarren legearen arabera, gorputz batek duen indarra gorputzaren masaren eta azelerazioaren biderkaduraren emaitza da. Lurrean behin eta berriz frogatu dute hori. Espazioan, berriz, zenbait izarrek eta galaxiak Newtonen legearen arabera dagokien baino indar handiagoa dute mugitzeko.
Gertakari horri bi azalpen posible eman dizkiote. Bata, Newtonen legea ez betetzea, galaxien azelerazioa oso txikia delako (1x10-10 m/s2-ko azelerazioa dute, gutxi gorabehera); eta, bestea, beste indarren batek ere parte hartzea galaxiak mugiarazten: materia ilunaren indarrak.
Washingtongo Unibertsitateko fisikari batzuek frogatu dute oso azelerazio txikia izanda ere betetzen dela Newtonen legea (5x10-14 m/s2-ko azelerazioa zuen pendulu batekin egin zuten proba). Proba horrek indartu egiten du, beraz, galaxien abiadura handiaren erantzulea materia iluna delako ustea.
Oraindik ikusi ez duten baina badagoela ondorioztatu duten materia da materia iluna. Espazioko materia ezagunak eta ikusgaiak batzuetan ez ditu betetzen ezagutzen diren fisika-legeak. Horregatik, egiten dituzten neurketak azaldu ahal izateko, zientzialariek ondorioztatu dute ikusten ez den materia bat badagoela espazioan, materia iluna, alegia.