Edmond Halley

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Astronomo eta matematikari ingeles hau Haggerston herrian (Londresetik gertu) jaio zen 1656an. Gaztetatik izan zuen astronomiarako joera eta bere bizialdian zehar horretan nabarmendu bazen ere, geofisikari eta meteorologiari buruzko ikerketa asko egin zituen.

Hogei urte zituela, Hego Hemisferioko izarrak behatzeari ekin zion. Santa Elena uharteko behatokian eman zuen denboran, 341 izarreko zerrenda osatu eta Catalogus stellarun australium titulupean 1679an argitaratu zuen.

Ingalaterrara itzuli zenean, Isaac Newtonekin lanean hasi zen. Zehatzago esanda, Halley Newtonen grabitazioaren teoriaz baliatu zen kometen higidura aztertzeko. Kometen agerraldien atzetik legerik izan zitekeela uste zuen eta, Newtonen laguntzaz, ikerketari lotu zitzaion buru-belarri. Elkarlanean, kometei buruzko datu asko bildu zituzten eta horietan oinarritu zen Halley bere ondorengo ikerketak egiteko.

1682an Halley berak kometa bat aurkitu zuen. 1705ean berak behatutakoaren eta aurretik azaldutako beste zenbait kometen higidura-lerroak oso antzekoak zirela ikusi zuen. Bere teoriaren arabera, planeten eta sateliteen higidura aztertzeko Newton-en grabitazio-eredua erabil daitekeen bezala, kometen higidura ere arau edo hastapen horren arabera azter zitekeen. Are gehiago, kometek Eguzkiaren inguruan orbita oso eszentriko eta handiak dituztela esan zuen Halleyk. Hori dela eta, Lurrera hurbiltzen direnean baino ez dira ikusten. Kometa periodikoek periheliora joan-etorria egiteko behar duten denbora kalkulatu egin zuen.

Halleyren iritziz, berak 1682an ikusitako kometa 1758an azalduko zen berriro. Ikusterik izan ez bazuen ere, berak iragarritako urtean azaldu zen kometa eta geroztik, Halley izena darama, bere aurkitzailearen omenez. Kometen higidurari buruzko teoriak 1705ean idatzitako Synopsis Astronomiae Cometicae liburuan bildu zituen.

1718az geroztik, izarren higiduraz arduratu zen eta izarren kokapena ez dela egonkorra ondorioztatu zuen.

1720. urteaz geroztik, Gorteko Astronomoa izan zen Flasmsteed-ek utzitako postua betez. Bere bizialdiaren azken 18 urteetan Ilargiaren higidurari buruzko azterketa zehatzak egin zituen. Horiek amaitu gabe, heriok Greenwich-en eraman zuen 1742.eko urtarrilean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila