Henry Winstanley artista handia zen. Asmatutako jolasak eta kartak salduz diru asko bildu zuen XVII. mendeko Londresen. Ez zen, ordea, dirua jolasetan galduko zuen gizona, eta, zentzu handiz, bost merkantzia-ontzi erosten inbertitu zuen. Baina garai hartan itsasoan nabigatzea ez zen batere segurua, eta 1695eko abuztuan ontzi bat hondoratu zitzaion Plymouth inguruko Eddystone arroketan. Ez zen, jakina, berarentzat alaitzeko modukoa, baina patua onartu eta aurrera jarraitu zuen. Handik gutxira, ordea, bere bigarren ontzi batek ere istripua izan zuen toki berean, eta hondoratu egin zen.
Winstanley ez zen etxean gelditu hirugarrena hondoratu zain. Aitzitik, Plymouth aldera abiatu zen istripu larri horien aztarnak ikertzeko asmoz. Eddystone arrokek oso kostalde malkartsua eratzen zuten eta ontzientzat arrisku handia ziren. Winstanley gizon ausarta eta azkarra zen eta konponbide erraza ikusi zuen: itsasargi bat diseinatu eta eraikiko zuen.
Ingalaterran zein beste edozein tokitan zeuden itsasargietan bitxienetako bat zen. Izan ere, Winstanley ez zen arkitektoa eta diseinua horrela atera zitzaion. Itsasargia eraikitzen ari zirela eta ontzi militar baten babesa izan arren, gau batean frantsesek Wintanley harrapatu eta preso eraman zuten. Haren ordez, gerra-presoak askatuz, almirantego britainiarrak etxera ekartzea lortu zuen eta itsasargia eraikitzeari ekin zion.
Eddystone arroketan gida-argia lehen aldiz 1698ko azaroaren 14an piztu zen. Oso egitura bitxia zuen, apaingarriz beteta, eta itsasargi-eran lan egiteko ez ezik, setiatuz gero erasoari eusteko ere eraikitako dorrea zen. Baina lehenengo negua pasatu ondoren Winstanley-ek itsasargira itzuli zenean, sendoa ez zela konturatu zen. Urte horretan bertan berritzea erabaki zuen. Altuera eta oinarriaren diametroa ia bikoiztu egin zituen eta hurrengo urteetan ez zen ontzirik hondoratu Eddystonen.
Winstanley oso arro zegoen itsasargiaz, baina kontratatutako zaindariek oso maiz kexatzen ziren. Jabeak udazkeneko ekaitzetan bertan geratzea erabaki zuen eta, oso jarrera baikorrarekin, han instalatu zen.
1703ko azaroaren 26an garai hartako ekaitzik bortitzenetako bat izan zen (deitu ere deitu zitzaion) eta, biharamunean, itsasargiaren arrastorik ere ez zegoen. Erabat suntsitu zen eta zaindariak eta Winstanley bera betiko desagertu ziren. Hurrengo egunean itsasontzi bat hondoratu zen Eddystone arroketan eta Plymouth-eko biztanleek beste itsasargi bat eraikitzeko beharra sentitu zuten.