Duela 40 milioi urteko akaro batzuek trukatuta zituzten sexu-rolak

Duela 40 milioi urteko akaro batzuek trukatuta zituzten sexu-rolak
2011/05/01 | Elhuyar
Glaesacarus rhombeus espezieko akaro-bikotea anbarean harrapatuta, albotik eta goitik ikusita. Fosil horri esker konturatu dira espezie horren sexu-rolak gaur egungo akaroenen alderantzizkoak zirela. Arg.: Ekaterina Sidorchuk.

Baltikoko anbarean topatu dituzte: akaro arra eta emea, kopulatzen. Michigango Unibertsitateko eta Errusiako Zientzia Akademiako ikertzaileek fosila aztertu dute, eta gaur egun desagertuta dagoen espezie batekoak direla ikusi dute, Glaesacarus rhombeus espeziekoak, hain zuzen. 40 milioi urte dituztela kalkulatu dute, eta haien berezitasun batez ere ohartu dira: gaur egungoekin alderatuta, sexu-rolak trukatuta zituzten.

Izan ere, oraingo akaro-espezie gehienen artean, ernaltzeko garaian, arrek emeak menderatzen dituzte. Arrek elkarren aurka borrokatzen dute emeren bat lortzeko, eta, lortu ondoren, eme horrek beste batekin harremanik izan ez dezan saiatzen dira. Gainera, arrek organo berezi batzuk dituzte, kopulatzean emeari itsasteko eta hari eusteko.

Anbarean harrapatutako akaro arrak, ordea, ez du horretarako organorik. Emeak, berriz, kuxin moduko bat du atzealdean; horren bidez, arra menderatzen zuela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Dena den, gaur egungo espezie batzuetako emeek ere badituzte arrak kontrolpean izateko egiturak; hain zuzen, zakilaren funtzioa duen kopulazio-hodia dute akaro eme batzuek. Hortaz, bereziak izan baziren, baina ez bakarrak.

1
275
2011
5
012
Biologia; Paleontologia; Eboluzioa
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila