Duela 14.000 urte inguruko ehundik gora grabatu aurkitu dituzte Atxurran

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Atxurra haitzuloa Berriatuan dago (Bizkaia), eta aspalditik da ezaguna. Duela gutxira arte, ordea, inor ez zen ohartu labar-artea gordetzen zuenik. 2014ean Diego Garate arkeologoak gidatuta hasitako lanen emaitza ikusgarriena izan da aurkikuntza, eta Altxerri (Gipuzkoa) edo Erberuarekin (Nafarroa Beherea) pareka daitekeela adierazi dute.

duela-14000-urte-inguruko-ehundik-gora-grabatu-aur
Diego Garate, bi zaldiren ondoan. Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

70 animalia-irudi zenbatu dituzte, “baina horiek baino gehiago daude”, zehaztu du Garatek. Haren esanean, 100-150 irudi egongo dira guztira, “Euskal Herrian gehien dituena izango da”. Zaldiak eta bisonteak dira gehienak, eta 14.000 urte inguru izango dituztela kalkulatu dute.

Ezkerrean, jaurtigailuak dituen bisontea; eskuinean, beste bisonte bat. Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

Garatek onartu du denbora beharko dutela denak ondo aztertzeko, baina harribitxiren bat edo beste topatu dute dagoeneko. Esaterako, bada bisonte bat jaurtigailuz josita: “Europan, jaurtigailu gehien dituen bisontea da”, esan du Garatek.

Zaldiak eta bisonteak ez ezik, oreinak, uroak eta ahuntzak ere badaude. Denak teknika berarekin daude eginak: horman grabatuta, eta, batzuk, margo beltzez marraztuta. Margoak nola egin ziren ulertzeko aztarna esanguratsuak ere aurkitu dituzte.

Grabatuen ugaritasuna aintzat hartuta, Madeleine aldiko kobazulo garrantzitsuenetako bat bilakatu da Atxurra (aldi horretakoak dira baita Santimamiñekoak ere). Irudiak dauden lekura iristea ez da erraza, eta haiek aztertzeko aldamioak jarri eta segurtasun-neurriak hartu beharko dituzte. Aztertzeaz gain, 3Dan digitalizatzeko asmoa ere badute, guztien eskura jartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egiten ari dira ikerketa, argitaratze- eta kontserbazio-lanak, eta hark eman du aurkikuntzaren berri

Atxurrako irudien bideoa ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.

--> Diego Garate Maindagani elkarrizketa (2016-05-26): “Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa da Atxurra”

 

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group