Elkarrizketak

Eva Poveda López Birologoa

“GIBaren tratamendua hartzen duten pertsonek ez dute birusa kutsatzen”

2017/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Oso argi hitz egiten du Eva Povedak hiesaz eta GIB birusaz. Estigma sozialak oraindik zauri handiak sortzen dituela dio. Tratamendu berrienek itxaropena zabaldu duten honetan, estigma bihurtu da gure gizartean infekzioa betiko desagerrarazteko benetako muga. Eta azpimarratu nahi izan du gaur egun ez dutela birusa kutsatzen infektatuta baina tratatuta dauden pazienteek. Bere lan zientifikoaren bikaintasunaren aitortza jaso zuen jada 2012an Povedak, For Woman in Science L´oreal-Unesco Ikerketa Saria jaso zuenean. Egun, infekzioa desagerrarazteko ari da lan egiten buru-belarri, A Coruñako INIBIC zentroan.

Arkaitz Carracedo Pérez Minbiziaren ikertzailea

“Gure bizitzaren parte dira mutazioak eta minbizia”

2017/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Galdera batek abiarazi zuen Arkaitz Carracedoren ibilbide zientifikoa: zertan bereizten dira zelula osasuntsuak eta minbizi-zelulak? Orduz geroztik, ibilbide oparoa egin du minbizia ikertzen, eta halaxe aitortu zion Europar Batasunak, 2013an 1,5 milioi euroko diru-laguntza bat eman baitzion minbiziaren eta elikaduraren arteko harremana iker zezan Euskal Herrian. Gaitza hain zabaldua izanik eta zientzia egiten ari den ahalegin handia ikusirik, minbiziari begiratu sakon bat eman nahi izan diogu CIC Bioguneko bere laborategitik.

Marta Macho Stadler Matematikaria

“Gizarteak asko miretsi izan ditu zientzialariak, eta haur mimatuen modura jokatzen dute”

2017/04/04 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Marta Macho matematikaria da, foliazioen teoria geometrikoan eta geometria ez-konmutatiboan espezializatua. Ikerketa-lanetatik harago, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren “Mujeres con Ciencia” espazio digitaleko editore ere bada. Emakume zientzialariak ikusgai bihurtzeko egin duen lan eskerga aitortzeko hainbat sari jaso ditu, tartean Berdintasunerako Emakunde Saria, apirilean bertan. Martarekin argitu nahi izan dugu nola egiten duten emakumeek zientzia, eta zientzia-sistemak, egun dagoen bezala, baldintzatzen ote duen emakumeen parte-hartzea.  

Eneko Agirre Bengoa Hizkuntzaren prozesamenduko ikertzailea

“Makinak pertsonei ulertzeko gai badira, aurrerapauso handi bat egin dugu. Gure mundura datoz makinak”

2017/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Makinek eta gizakiek elkar ulertzea du helburu Enekok. Elkarrekin solasean aritu ahal izatea. Gizakiak ez gara ulerterrazak, ordea, eta horrek buruhauste handiak ekartzen dizkio. EHUko informatika-ikertzailea eta IXA taldeko kidea da, eta haren lanak Google-ren beraren aitortza lortu zuen iaz. Orain, New Yorketik etorri berri hartu gaitu.

Helena Matute Greño Psikologia Esperimentalean katedraduna

“Uste okerrei aurre egiteko, funtsezkoa da pentsamendu zientifikoa sustatzea”

2016/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Edonork izan ditzake uste okerrak, edonork sinets dezake sasizientzietan. Izan ere, guztiok dugu gertakariak azaltzeko joera, eta kausa-efektu erlazioa bilatzeko bulkada, baita erlaziorik ez dagoenean ere. Hain justu, hori da sinesmen faltsuak sortzeko mekanismoetako bat. Halakoak ikertzen ditu Helena Matute Psikologia Esperimentaleko katedradunak Deustuko Unibertsitateko Labpsico laborategian, eta han hartu gaitu, bere lanari buruz hitz egiteko, patxada osoz, lanez gainezka egon arren.

Felix Zubia Olaskoaga Zainketa Intentsiboetako medikua

“Medikuon eginkizuna da heriotzaren aurrean laguntzea, eta horri ihes egitea profesional txarra izatea da”

2016/06/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Heriotzarekin aurrez aurre egiten du lan, Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Heriotzak denongan duen inpaktuaz kontziente, une hori zaintzen saiatzen da. Hiltzear zeuden gaixo asko zaindu ditu, ihes egin gabe. Xabier Lete bera zaindu zuen gaixo eta hiltzear zegoenean, eta bien arteko adiskidetasuna sortu zen une berezi horietan. Elkarrekin begiratu zioten heriotzari, eta hiletan, azken bertsoak abestu zizkion. Izan ere, mediku izateaz gain, bertsolari ere bada Felix Zubia. Eta baita EHUko irakasle Medikuntza Fakultatean, eta Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioan esatari ere. Komunikatzaile petoa, finean.

Diego Garate Maidagan Atxurra kobazuloko ikerketa-zuzendaria

“Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa da Atxurra”

2016/05/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garate Tolosako Unibertsitateko ikertzailea eta Bilboko Arkeologia Museoko teknikaria da, eta bera da Atxurra (Berriatua) kobazuloko aztarnategiko ikerketaren zuzendaria ere. Atxurrak gordetzen duen altxorra jendaurrean aurkeztu berritan, tarte bat hartu du Elhuyarri azaltzeko grabatuei buruzko xehetasunak eta berezitasunak.

Chieko Asakawa IBMko ikertzailea

“Teknologia erabiliz itsuek mundua ikus dezaten nahi dut”

2016/02/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Chieko Asakawa japoniarrak atleta olinpikoa izatea zuen amets umetan. Baina ametsa zapuztu zitzaion gaztetan istripuz nerbio optikoa mindu eta ikusmena galtzen hasi zenean, erabat itsu geratu baitzen denborarekin. Gerora, zientzialari konputazional modura aritu da, eta pertsona itsuen bizi-kalitatea hobetzen lagundu du, hamaika ekarpen teknologikoren bidez. Itsu izatea lanerako eragozpena du, baina, aldi berean, itsuen beharrak primeran ezagutzera eraman du itsutasuna bere azalean bizitzeak. Hortik, agian, haren adorea eta arrakasta. Gaur egun IBMko ikertzailea da, eta Egokituz Laborategiak 30 urte bete dituen honetan Euskal Herrira egin duen bisita aprobetxatuz elkarrizketatu dugu.

Maria Jesus Esteban Galarza Matematikaria

“Teoria matematiko berriak aurkitu behar dira erronka berriei aurre egin ahal izateko”

2015/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Paristik erantzun die galderei Maria Jesus Estebanek. Izan ere, tarteka jaioterrira etortzen bada ere, han egiten du lan, Matematika Aplikatuen CEREMADE ikerketa-zentroan. Ikertzaile ez ezik, arloko zenbait erakunde eta batzorderen ordezkari ere izan da, eta da. Matematikaria izan arren, zenbakiak aldatu eta egunak 24 ordu baino gehiagokoak izatea beharko lukeen horietakoa da, beraz.

Maria Martinon Torres Atapuercako antropologoa

“Niretzat, hortzak harribitxiak dira; nahiko txikiak diren arren, aparteko balioa dute”

2015/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Atapuercako kanpainan lanean buru-belarri ari dela harrapatu dugu Maria Martinon Torres, Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko (CENIEH) Hortzen Antropologia taldearen zuzendari eta Atapuercako ikertzaile-taldearen kide. Dioenez, ezin dio hutsik egin Atapuercarekin urtero duen hitzorduari, baina, hala ere, lortu du tarte bat ateratzea Elhuyaren galderei erantzuteko. Erantzunetan, nabaria da grinaz bizi duela bere lana, eta sutsu aritu da, bai Atapuercako aurkikuntzei buruz, bai giza eboluzioaz oro har. 
Ohar bat: Atapuerca albiste zientifikoen jatorri agorrezina denez, ezin dugu ziurtatu ez duenik ezustekoren bat emango elkarrizketa egin eta argitaratu bitartean.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.