2020ko abenduaren 27a, hori da Europako Batasunean txertaketarekin hasteko eguna, eta, zehazki, Pfizer eta Biontech konpainien txertoa jarriko dute. Dosien banaketa adostuta dago, baita zein izango diren txertoa jasoko duten lehenak ere: adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta langileak, eta osasungintzako profesionalak.
Herrialde batzuetan, adibidez, Espainian, mendekotasuna dutenen zentruetako egoiliarrak eta mendekotasun handiko eguneko zentroen erabiltzaileak ere lehentasunez txertatuko dituzte.
Downen sindromea dutenekin lan egiten duten elkarteek sindromedunak ere lehentasunen artean aintzat hartzea eskatu dute. Izan ere, infektatuz gero, gainerakoek baino 5 aldiz arrisku handiagoa dute ospitaleratu beharra izateko, eta 10 aldiz handiagoa, hiltzeko, Science aldizkariaren arabera. Gehiengoan bezala, Downen sindromedunen artean ere adina faktore garrantzitsua da, baina, haien kasuan, 40 urteren inguruan dago koska: 40 urtetik beherakoetan heriotza-tasa % 7koa da; % 53koa, berriz, 40 urtetik gorakoetan.
Adituek azaldu dutenez, 21 kromosomaren trisomia dutenek arnas-aparatuko infekzio gehiago izaten dituzte, neurri batean beren ezaugarri fisikoen ondorioz (mihi handia, matrailezur txikia, eztarriko muskuluen tono laxoa…), baina baita ezaugarri genetikoengatik ere. Hain zuzen, birusak zeluletara sartzeko erabiltzen duen entzima bat (TMPRSS2) 1,6 aldiz gehiago espresatzen dute Downen sindromedunak.
Horrez gain, immunitate-sistemaren berezitasunen ondorioz, hiperinflamazioa izaten dute, eta horrek COVID-19aren sintomak nabarmen larriagotzen ditu. Horregatik guztiagatik, Downen sindromedunak COVID-19aren txertoa jartzeko lehentasun-taldetzat hartzea eskatu dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia