Donostia eta Bilbo aldeko itsas hondoa zehatz-mehatz

Donostia eta Bilbo aldeko itsas hondoa zehatz-mehatz
2010/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: AZTI-TECNALIA)

AZTI-Tecnaliak doitasun handiko kartografiak egin ditu

AZTI-Tecnaliak Donostia eta Bilbo aldeko itsas hondoen doitasun handiko kartografia aurkeztu du. Kartografia horrek inoiz baino zehaztasun handiagoz deskribatzen du inguru horietako itsas hondoa. Aurkeztu duten materiala euskal kostaren aurreko plataforma kontinental osoa kartografiatzeko proiektuaren zati bat da.

Doitasun edo zehaztasun hori lortzeko, sorta aniztuneko ekozunda erabili dute. "Ekozunda horrek 256 seinale igortzen ditu pultsu bakarrean --zunda arruntek seinale bakarra igortzen dute--", azaltzen du Ibon Galparsoro AZTI-Tecnaliako ikertzaileak. "Horrenbestez, teknika horrekin pultsu bakar batekin ikerketa-eremu zabal bat aztertzea lortzen da", gehitu du. Zehatza izateaz gain, azkarra da. "Pultsu bat igorri eta iritsi bezain pronto, beste bat igortzen du. Sakonera txikietan 40 pultsu segundoko igortzera iritsi da. Horrek esan nahi du 10.240 datu segundoko eskaintzera iritsi dela", dio Galparsorok.

Gainera, seinalearen ezaugarriek itsas hondoaren ezaugarri fisikoen berri ematen digute. Esaterako, arroketan seinalea oso garbi neurtzen da, eta oso intentsua da. Sedimentu finetan, lokatzetan eta abar, berriz, seinalea itsas hondoan barneratzen da, eta seinalea intentsitate txikiagoarekin iristen da ontzira. "Sistema honek muga txiki bat du, ordea. 100 metroraino irits daiteke. Hortik aurrera, seinalea galdu egiten da", adierazi du Galparsorok.

Nolanahi ere, itsas hondoen ezaugarriak jakitea funtsezkoa da habitaten banaketa ezagutu eta aurreikusteko. Bestalde, indarrean dagoen legeriari jarraiki, ezinbestekoa da itsas hondoen eta habitaten karakterizazio morfologikoa egitea, haiek babestu eta kudeatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

1
267
2010
9
014
Ozeanografia
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila