Domolab, etxe domotikoa

Arabako parke teknologikoak, Miñaon, bere baitan hartu du Domolab, Ikerlanen etxe domotikoa. Eraikinak etxebizitza itxura badu ere, laborategi-funtzioa beteko du. Etxeak bi solairutan banatutako 183 metro karratu ditu, bi egongela, jangela, sukaldea, logela eta bi komunekin.

Domolab, besteak beste, telekomunikazio-sistema berriak, energia aurrezteko proiektuak eta etxetresna elektriko berriak probatzeko erabiliko dute. Hala ere, une honetan nabarmendu daitekeen proiektua erregai-pilarena da. Izan ere, Ikerlanek eta Estatu Batuetako Lawrence Berkeley laborategiak oxido solidozko erregai-pilak ikertzeko eta garatzeko akordioa sinatu dute.

Horren ondorioz, Domolab eraikinean, gas naturaletik abiatuta kilowatt 1eko potentzia sortzeko gai den erregai-pila probatzen ari dira. Hori, etxe horretako teilatuan dauden eguzki-paneletatik eta aerosorgailu txiki batetik ateratako energiarekin batera, nahikoa da etxearen elektrizitate- eta bero-beharrak asetzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila