Fruta-euliekin egindako ikerketa batean, zelula hil ondoren gelditzen diren DNAren arrastoek erantzun immunea eragiten dutela ikusi du Japoniako Osaka Unibertsitateko ikertzaile-talde batek.
Zelulen heriotza edo apoptosia ezinbestekoa da organismoen garapenean. Zelula berriak sortu ahala, zaharrak eta akastunak hil egiten dira, eta inguruko zelulek bereganatzen dituzte hildako zelularen hondakinak. Hain zuzen, lisosoma izeneko organuluetan digeritzen dira zelulen hondakinak, baita DNA zaharra ere. DNA hori digeritzeko entzima espezifikoak daude, eta ikertzaileek horrelako entzimarik ez duten fruta-euliak erabili dituzte DNAren arrastoak gelditzen direnean zer gertatzen den ikusteko. Eta erantzun immunea sortzen dela frogatu dute.
Apoptosiaren prozesua eboluzioan ondo gorde denez, emaitzak ugaztunetan ere antzekoak izango liratekeela uste dute. Ikertzaileen iritziz, gizakietan DNAren digestioa ondo egiten ez bada, shock septikoa izateko arriskua dago.