Dinosauroak ugaztunen dietan

Mesozoikoa dinosauroen aroa izan zela esaten da; izan ere, dinosauroak jaun eta jabe ziren. Ugaztunak, berriz, txikiak zirela uste zen, saguen neurrikoak edo. Baina, pixkanaka, ugaztun handiagoen aztarnak aurkitzen ari dira.

Txinako Liaoning eskualdeko aztarnategian duela 130 milioi urteko bi fosil interesgarri aurkitu dituzte: urdailean dinosauro-kume baten hezurrak dituen Repenomamus robustus bat eta, handik gertu, orain arte ezagutzen ez zen beste ugaztun handiago bat. Bigarren horri Repenomamus giganticus izena jarri diote.

Fosila aztertuta jakin dute R. giganticus-ek metro bat inguruko luzera eta 12-14 kiloko pisua zituela. Eta hortzei eta barailari begiratuta ondorioztatu dute ugaztun hori ere, R. robustus bezala, haragijalea zela; beraz, horrek ere jan zitzakeen dinosauroak.

R. robustus dagoeneko ezagun zuten paleontologoek, baina ez zuten uste dinosauroak zituenik dietan. Fosil horren kasuan Psittacosaurus baten kumea zen urdailean zeukana. Baina ugaztun horien bizimodua era fidagarriagoan ezagutu nahi bada, fosil gehiago beharko dira. Eta paleontologoek espero dute aztarnategiko lanek aurrera egin ahala Mesozoikoko ugaztun handiagoen berri izango dugula.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila