Dinosauroak Lurraz jabetu zirenekoa

Duela 200 milioi urte inguru, Triasikoaren eta Jurasikoaren arteko mugako urteetan, Lurreko izaki bizidun gehienak (% 50 eta 80 bitartean) desagertu ziren eta dinosauroak planetaren jaun eta jabe bilakatu ziren. Estatu Batuetako eta Kanadako zenbait ikertzaileren ustez, suntsipen masibo hori oso denbora laburrean gertatu zen, 10.000 urte baino gutxiagoan.

Ondorio horretara heltzeko, Britainiar Columbiatik hurbil dauden irletako fosilak aztertu dituzte. Ikerketaren txostenaren egile nagusia Peter Ward paleontologoa da; bere ustez, aztertutako fosilek argi erakusten dute Lurreko karbono organikoaren kontzentrazioa (landareak bizirik dauden seinalea) eta itsas espezie ugariren elikagai ziren hainbat organismo zelulabakarren kopurua bat-batean jaitsi zirela. Dena den, kataklismoaren arrazoiak ez daude batere argi. Aukeren artean, asteroide baten kolisioa eta ohi baino aktibitate bolkaniko handiagoak eragindako klima-aldaketa aipatzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila