Dinosauro pisutsu eta osoena

dinosauro-pisutsu-eta-osoena
Dreadnoughtus schrani dinosauroak 60 tonako pisua izan zezakeen. Arg. Mark A. Klingler, Carnegie Museum of Natural History

Barazki-jalea zen, 26 metro  luze, eta 60 tona inguruko pisua ei zeukan. Patagonian bizi izan zen duela 77 milioi urte, eta oraintxe erakutsi dituzte lehen aldiz haren aztarna fosilak. Dreadnoughtus schrani izenarekin bataiatu dute orain arte aurkitu den dinosauro lurtar handiena.

Dreadnoughtus schrani dinosauroaren tamainaren konparaketa. Arg. Drexel University

Aurkikuntza egin zuten Estatu Batuetako eta Argentinako ikertzaileek, Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian eman dute haren berria. Sinc Kenneth Lacovara palentologo eta ikerketa honen zuzendariaren arabera, aurkikuntza honi garrantzia berezia ematen diona, hezurduraren osotasuna da. “100 hezur aurkitu ditugu, eta uste dugu orotara 142 izan zitzakeela”. Beraz, hezurdura osoaren % 70 aurkitu dute. Buztanaren ornoak, lepokoak, saihets-hezurrak, behatzak, atzapar bat, masailezurra, hagin bat, eta gorputz-adarretako hezur gehienak berreskuratu egin ahal izan dituzte, tartean femurrak eta humero bat. Hezur bi horiek direnez koadrupedoen masa kalkulatzeko erabili ohi diren oinarria, pisuaren kalkulua fidagarria da.

60 tonako gorputzaren kaloria-beharrari erantzun ahal izateko, zientzialariek uste dute dinosauroak egunaren zatirik handiena landareak jan eta jan pasatuko zuela.

Kenneth Lacovara dinosauroaren tibia ondoan etzanda. Arg. Kenneth Lacovara

“Pisuaz gain –dio Lacovarak–, hezurrek erakusten dute hil zenean oraindik dinosauroa hazten ari zela. Lurrean ibili diren izaki handienen adibiderik onena da”.

Hezurdura berreskuratzeko, ikertzaileek lau indusketa-kanpaina egin zituzten 2005 eta 2009 urteen artean, Argentinako Patagonian, Chubut probintzian. Dreadnoughtus schrani erraldoia aurkitutako tokian, beste txikiago bat ere bazegoen, baina hezurdura ez zegoen hain osoa. “Uste dugu bat-bateko uholde batek harrapatuko zituela, lurra harea mugikor bihurtu eta biak irentsiko zituela. Horregatik egongo dira hain egoera onean. Haien zoritxarra gure zoriona izan da”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila