Ez, barka, hori ez da zuzena, baina bai txorien moduko garuna zutela. Hori adierazi dute, behintzat, Archaeopteryx -en garezurra ikertu dutenek.
Ordenagailu bidezko tomografia erabilita, fosilaren garezurraren mila erradiografia aztertu dituzte. Antza denez, ikusmenarekin eta mugimenduaren kontrolarekin lotutako guneek toki handia hartzen zuten garunean; hain juxtu, hegaztietan gertatzen den bezala. Gainera, Archaeopteryx -en barne-belarriaren egitura ere hegaztienaren antzekoa zen, baita garunaren eta gorputzaren neurrien arteko erlazioa ere. Ezaugarri horiek guztiak animalia hegalarietan bakarrik aurkitu dituzte; beraz, ikertzaileek uste dute Archaeopteryx -ek hegan egin zezakeela.
Orain arte, hegaztien eta narrastien ezaugarriak nahasian zituen espezie hori hegan egiteko gai ote zen zalantza zuten askok, baina, azken ikerketen arabera, baietz dirudi.