Kodak iparramerikar argazki-etxeak, argazkigintza iraul dezakeen sistema aurkeztu berri du. Sistema honen izena Photo CD da eta 35 mm-ko kameraz hartutako irudiak edo diapositibak datu digital bihurtu eta disko optiko batean gordetzen ditu. Ondoren, telebista-monitore batean ikusi edo inprimagailu batean inprima daiteke.
Photo CD baten irakurgailuaren kostua 60.000 pta.koa da eta sistema honen bidez argazki-dendek filmeko irudia disko optikora sartu ondoren inprimatze-zerbitzua eskain dezakete.
Sistema honetaz baliatzeko ondoko urrats hauek eman behar dira:
Lehenbizi, koloretako argazki-negatiboa edo diapositiba 2048 sentsore dituen eskaner batez eskaneatzen da. Irudi bakoitzak 18 MB okupatzen baditu ere, Kodak-ek erabiltzen duen konpresio-sistemaz, irudi bakoitzak 6 MB besterik ez ditu okupatuko azkenean.
Beraz, disko bakoitzaren kapazitatea 600 MBekoa denez, 100 irudi sartuko dira. Disko hau beste zenbait disko optikoren formatuekin bateragarri izango denez, CD-ROM edo CD-ROM xA sistemetan adibidez, irakurri ahal izango da.
Gero, disko optikoetan dauden irudiak ordenadore batean manipulatzen dira eta azkenik inprimagailu batean inprimatzen dira.