Lanerako prest dago jada Diamond, hirugarren belaunaldiko sinkrotroi edo partikula-azeleragailua. Oxforden dago, eta, adituen arabera, Britainia Handian azken 30 urteetan eraiki den baliabide teknologiko handiena da.
Azeleragailuak argi-izpi monokromatikoak jarriko ditu ikertzaileen eskueran. Oraingoz zazpi izpi-eremu daude, baina eraikitze-lanetan jarraituko dute, eta 2011rako beste hamabost izpi-eremu eraikitzea espero dute. Horrek aurrekontua dezente igoko du (hirurehun eta hirurogeita bost milioi euro gastatu dituzte orain arte): beste ehun eta hirurogeita hamabost milioi euro beharko dituzte.
Diamond-era iristen hasiak dira azeleragailua erabiliko duten lehenengo ikertzaileak. Beraz, arazorik ezean, laster batean izango da martxan.