Orain arte II motako diabetesa tratatzeko erabili den botika bat pisua galtzeko benetan eraginkorra dela ikusi dute, eta ez duela albo-ondorio garrantzitsurik eragiten. Kirurgiaz gain, gaur egun ez dago bi baldintza horiek betetzen dituen beste tratamendurik; dauden botikak ez dira oso eraginkorrak, eta erabilera asko mugatzen duten albo-ondorioak dituzte.
Semaglutide izena du botikak, eta diabetesa tratatzeko baino dosi handiagoan probatu dute, nazioarteko saio kliniko batean. Hamasei herrialdetako 2.000 pertsonak, astean behin, semaglutide-dosi bat edo plazeboa hartu zuten, injekzio bidez, 68 astez. Eta, aldi berean, bizitza-ohiturak ere aldatu zituzten, dietari eta ariketa fisikoari dagokionez. Semaglutidea hartu zutenek pisuaren % 15 galdu zuten, eta plazeboa hartu zutenek, berriz, % 2,4. Kasu gutxi batzuetan goragalea, beherakoa eta idorerria eragin zituen; eta, gehienetan, epe laburrean desagertu ziren arazo gastrointestinal horiek. The New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzok.
Gure gorputzak elikagai-kopuru handi bat hartzen duenean jariatzen duen GLP1 hormona imitatzen du semaglutideak; eta, hala, gosea kentzen du. Saioan parte hartu duten batzuek adierazi dute saioa bukatutakoan berriz gosea sentitzen hasi zirela, eta pisua hartu dutela. Hain zuzen ere, orain 5 urteko saio-kliniko bat jarri dute abian, ikusteko epe luzean pisu-galerari eustea posible den, eta dosi horretan eta epe luzean bestelako albo-ondoriorik ager daitekeen.
Elhuyarrek garatutako teknologia