Tropikoko ur gezatako arrain-mota bat diabetikoentzat emaile izan daiteke etorkizunean. Kanadako zientzilari batzuk tilapia izeneko arraina genetikoki manipulatu nahi dute, ondoren zelulak gaixoen pankreasean transplantatzeko.
Urteetan zehar diabetea sendatzeko formulak bilatzen dihardute zientzilariek. Diabetikoek gaixo duten Langerhans-en irla nola transplantatu izan da erronka nagusia; orain arte, transplanteak egitean gaixoek droga inmunosupresoreak hartu behar izaten zituzten, baina droga hauek beste gaixotasunak sor ditzakete
Arazoa konpontzeko zientzilariek animaliak emaile bihurtzea pentsatu dute. Emailerik onena, teorian behintzat, txerria da, baina transplante bakar bat egiteko txerri asko behar dira. 10.000 diabetiko sendatzeko urtero milioi bat txerri behar dira eta animalia hauek denbora luzez egoera berezietan zaindu behar dira. Honek guztiak kostuak izugarri igotzen ditu.
Kanadako zientzilari batzuk tilapia arrainarekin egin dute proba. Arrain honek bi pankreas ditu eta bietako batean zelulak isola daitezke. Eragozpen bat aurkitu dute hala ere: arrainaren intsulinak eta gizakiarenak 17 aminoazido desberdin dituzte (txerriarenak, gizakiarenarekin alderatuz, bat baino ez du desberdina). Hau konpontzeko zientzilariek giza intsulina txertatu dute arrainaren arrautzetan.