Zientzialariek orain arte ez zekiten nola sortzen ziren sakonera handian gertatzen diren lurrikarak. Sakonera handian dauden presio eta tenperatura altuak direla eta, plaka kontinentala urtuta egoten da. Horregatik, plaka kontinentalak eta ozeanikoak talka egiten dutenean, plaka ozeanikoa kontinentalaren azpira sartzen da. Plaka hondoratu ahala, etengabeko lurrikarak izaten dira 600 km-ko sakoneran.
Hona hemen arazoa: lurrikarak arrokak hausten direlako gertatzen dira; alabaina, 50 km-tik behera tenperatura eta presioa hain handiak direnez, arrokek ezaugarri plastikoak dituzte, eta ez dira hausten. Nola sortzen dira, orduan, sakonera horretan gertatzen diren lurrikarak?
Gakoa arroken deshidratazioan egon daitekeela azaltzen du Science aldizkarian argitaratutako lan batek. Lurraren mantuan ohikoa da serpentina arroka, eta serpentinak tenperatura eta presio altuetan duen jokabidea aztertu dute laborategian. Hala, erreakzio kimikoen ondorioz, serpentinak bere baitan duen ura kanporatu egiten dela ikusi dute.
Erreakzioek aurrera egin ahala, ura arrokaren kanpoaldeko poroetan pilatzen da, eta, azkenean, urak arroka hausten du. Beraz, arrokak deshidratatu eta hausten direnean gertatzen da lurrikara.